GURE ELKARTEA

Gure Gauza K. E.-ren aitzindariak XXI. mendeko lehenengo hamarkadaren erdialdean koka daitezke. Lehenengo pausoak izaera juridikorik gabeko elkarte moduan eman zituen. Donostialdeko giro musikal berean mugitzen ziren eta elkar ezagutzen zuten hainbat pertsonek biltzeko asmoa agertu zuten, hainbat kultur arlotan zenbait ekimen sustatu nahian. Ekimen hauek esparru jakin batean jarri zuten begirada: XX. mendeko bigarren erdialdean garatu zen musika afroamerikarrean, hain zuzen ere; bereziki 50, 60 eta 70eko hamarkadetan jazo zen horretan.

 

“Gure Gauza”-ren izenpean eta bere babesaz, pertsona talde horrek hainbat ekitaldi antolatzeari ekin zion: hilean behin ospatuko ziren musika-jartzaile edo “disc-jokey”-en sesioak, kontzertuak, euskaraz eta gaztelaniaz egindako “Musika afroamerikarraren Historia” fanzinea eta abar. Jarduera hauek guztiek izan zuten harrera onaren ondorioz, Rhythm&Blues eta Soul-ari eskainitako jaialdi bat antolatzeko burutapena sortu zen, urtean behin egiteko asmoz.

Hori izan zen Mojo Workin jaialdiaren sorrera. Lehenengoz egin zenetik, jatorrizko kolektibo hura legezko egin eta elkarte moduan sortzeko beharra ikusi zen. Pauso hori 2011. urtean gauzatu zen eta honela, Donostiako Egia auzoan egoitza zuen “Gure Gauza K. E.” Eusko Jaurlaritzako zein Donostiako erregistroetan erregistratu zen.

Ordutik, Gure Gauza-k hainbat ekintza egiten dihardu: Mojo Workin jaialdiaren 6 edizio antolatu ditu dagoeneko, beste dozena bat kontzertu baina gehiago burutu dira, “Musika afroamerikarraren Historia” fanzinearen 7 zenbakik argia ikusi dute, 3 diska atera ditu eta Donostiako hainbat lokaletan hamaika disc-jockey sesio antolatzen darrai.

Gaur egun elkartea 40 kidez osatuta dago, gehienak Donostialdekoak. Ez da, ordea, talde itxi bat; aitzitik, Gure Gauza K.E., elkarteak antolatzen dituen ekitaldietan laguntzeko interesatua edo prest dagoen edonorri irekita dago, bizi den lekuan bizi dela. Edonola ere, pertsona horrek jarduera gehienak Donostialdean edota Gipuzkoan antolatzen direla jakitun izan behar du.

Elkartearen helburu nagusia XX. mendeko kultura eta musika afroamerikarra sustatu eta hedatzea da, inguruan bizi den egoera edota antolatzen diren jarduerak aintzat hartuz. Horretarako, Elkarteak afroamerikar zein euskal kulturak aberasteko baliogarriak diren lekuan lekuko ekimenetan parte hartzeko saiakera bereziak egiten ditu.

 

Adibide moduan arlo diskografikoa jarri dezakegu. Lehenengo bi erreferentziak Ipar Amerikako artistei dagozkie, horietako bat Mojo Workin’ jaialdiaren IV. edizioaren zuzeneko emanaldi baten zatia delarik. Datozenak, ordea, Gipuzkoan burututako proiektuei irteera emateko asmoa dute: batean Tolosa, Hondarribia eta Donostiako hiru talderen lanak bilduko dira. Elkarteak darabilen laugarren erreferentzia (oraindik proiektua dena), berriz, Donostialdeako talde bati dagokio.

 

Bertako musikariei bultzada ematea da tokiko dinamizazioa bultzatzeko beste modu bat, nola eta Mojo Workin’ jaialdian jotzera datozen artista afroamerikarren talde moduan aritzeko aukera eskainiz. Jaialdiaren VI. edizioan Donostia edo inguruetan bizilekua duten 12 musikarik parte hartu dute. Gehienak “Musikene-Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia”-n Jazz atalean graduatuak dira edo bertan dihardute. Horrez gain, taldeko hainbat kidek Euskal Herrian ezagunak diren artistekin aritu izan dira, hala nola, Kortatu, Negu Gorriak, Joseba Tapia edo Blues Thorpes.

 

Azkenik, aurtengo ediziorako, Gure Gauza K.E. Pasaia Musikal Pasaiako musika eskolarekin akordio batera iritsi da. Jaialdia ospatu zeneko astean, Musika Eskolak Trintxerpen dituen lokalak utzi zituen entsaioak burutzeko. Ordainetan, bere ikasle direnentzat bi “master-class” antolatu ziren. Honi esker, jaialdian parte hartu zuten lau artistetako biren azken entsaioez gozatzeko aukera izan zuten; alegia, jo behar zituzten abestien errepasoa ikusi eta entzun ahal izan zuten, banda guztia lagun zutela.