SIDNEY BARNES

Martxoak 13, ostirala - Gazteszena aretoa - 22.35etan 

Sarrera: 23/ 42€

 

Sidney Barnes-en ibilbidea anitza eta emankorra izan da.  Virginian jaioa den konpositore, kanta idazle, musikari eta abeslari honek musikaren historiako bi diskoetxe nagusienetarikoetan egin du lan:  Motown eta Chess.

 

50. hamarkadan doo wop-eko zenbait taldeetan parte hartuz hasi zen, baina bere ezohizko gaitasunak Marvin Gaye edo George Clinton-en mailako artistetin elkarlana egitera bideratu zuen. Ondoren, Motown-eko konpositore taldekidea izan zen, disketxeko izar guztientzat kantak sortuz. 

 

 

Pertsona geldigaitza da Sindey Barnes. Konponsizioaz gain, abeslari lanak ere uztartu zituen Sue Records, Chess Records eta Red Bird Records diskoetxeetan (azkeneko honetan abeslari bezala eta  Shangri-Las mitikoentzat konposatuz ere). Hamaika albumetan agertzen da bere lanaren aztarna (150 baino gehiago!).

 

Donostiara bere ibilbidearen laburpentxo bat ekarriko duela hitzeman du Sindey-k. HISTORIAz jositako emanaldia izango da.

 

 




CAROLYN CRAWFORD

Martxoak 13, ostirala - Gazteszena aretoa - 00.00etan - Sarrera: 23/ 42€

 

Detroiten jaiotako Carolyn Crawford, Motown-eko harribitxi gazteetako bat izan zen  konpainiaren lehenengo urte arrakastatsuetan. Talentu-lehiaketa bat 1963an irabazi ondoren, eta artean 13 urte besterik ez zuela, Berry Gordy-ren zigilu famatuan leku egin zioten. Bertan hiru diska argitaratu zituen eta abestien artean neskatxak berak sortutakoak zeuden, bere izugarrizko dohainaren adibide zirenak. Horrez gain, kontaezinezko materiala grabatu zuen; zoritxarrez, eta Hitsville-n ohikoa zenez, ez zen hainbat hamarkada igaro arte plazaratu. Salmenta-arrakasta baten gabeziak, gaztetasunak eta Motown-ek ezarritako baldintzei muin egin nahi ez izateak, zigilutik bat-bateko eta uste baino lehenagoko irteera ekarri zioten. 

 

Urte batzuk beranduago "Hodges, James, Smith and Crawford” emakume-taldeko partaide izan zen, Hammilton Bohannon-entzako lan egin zuen eta bakarlari ibilbideari bigarrenez ekiteko aukera suertatu zitzaion. Honek guztiak uzta oparoa eman zion, hainbat arrakasta erdietsiz eta R&B diska salduenen zerrendetan azalduz.

 

Mojo Workin’-erako, Motown-en 60ko hamarkadan grabatutako abestien zerrenda fina prestatu digu, argitaratu zein argitaratugabeko materialaz osatua. Baina hortaz aparte, zale donostiarren gozamenerako izango diren ezusteko zenbait prestatu ditu.   




RUBY ANDREWS

Martxoak 14, larunbata - Gazteszena aretoa - 22.35etan 

Sarrera: 25/ 42€

 

Ruby Andrews Mississippiko Hollandale herrian jaio bazen ere, ume zelarik bere sendiarekin Chicagora aldatu zen. 60ko hamarkadan zehar, Haizearen Hiriko soul-ak bere urrezko garaia bizi zuenean, izen handietako bat bihurtu zen. Horren lekuko dira R&B zein Pop arrakasta-zerrendetan bere izenak izan zituen agerpenak. 

 

Ric Williams-ek gidatutako Zodiac Records zigilu famatuan ondare txukuna utzi zuen, 15 single-z eta bi albumez osatua. Bere ekoizpenetan balada zoragarriak eta dantzalekura bideratutako abestiak topa daitezke, oraindik orain mundu osoko soul-maitaleen artean ospea dutenak. Ondoren, arrakastaz betetako bigarren aro bat burutu zuen, oraingoan ABC Records-en, zaleen artean ere leku berezia duena. 

Industria diskografikoan izandako emakume borrokalari eta  langilearen adibide bikaina dugu Ruby. Izaera horrek fruituak ekarri dizkio, baita egun ere: azkeneko hilabete hauetan Zodiac Records-en katalogoaren legezko jabe bihurtu da, helburu bikoitza betez: alde batetik, zigiluarentzako lan egin zuten baina gaur arte saririk jaso gabe zeuden artistekin zegoen zorra kitatzea erdietsi du; aldi berean, abeslari-ibilbideari berrekin dio, Chicagoko soularen soinu errepikaezina belaunaldi berriei helarazteko asmoz.




CHRIS CLARK

Martxoak 14, larunbata - Gazteszena aretoa - 00.00 etan

Sarrera: 25/ 42€

 

Zalantzarik gabe, Chris Clark dugu Motown-eko diba handienetako bat. Berry Gordy-k 60ko hamarkadan begiz jo zuen, eta haren ahotsak zituen dohain handiei esker, artista preziatuenetako bat bihurtu zen azkar batean. Motown-eko hainbat zigiluetan single-sorta ederra argitaratu zuen, baita bi LP ere. “Love’s Gone Bad” edo “If I Should Walk Away” bezalako abestiek R&B eta Pop arrakasta-zerrendetan lekua egin zioten zenbait alditan, zaleen eta kritikaren txalo artean.

 

Zigiluaren konposatzaile eta ekoizle ugarirekin aritu zen; kuttunetako bat, zalantzarik gabe, Frank Wilson izan zuen, norther soul-aren historian abestirik ezagunena bihurtu den “Do I Love You”-ren egilea. Chris Clark-ek ere kanta horri bere ekarpena egin zion, urte askoan ilunpetan egon den demo bat grabatu baitzuen.

 

Dagoeneko, gure zaleek badakite Motown-en materialak eta Mojo Workin’-eko musikari-banda osatzen duten The Individuals taldeak modu ezinhobean bat egiten dutela. Hori dela eta, Chris-en kontzertua 2020eko ekitaldiari amaiera emateko modu bikaina izango da.