SPENCER WIGGINS

Martxoak 16 , ostirala - Gazteszena - 22.35etan .  Sarrera  22/ 40€

 

Mojo Workin' jaialdiarentzako ohorea da “southern soul” eta “deep soul”-aren heroi handienetako bat gurera kontzertu bakarra emateko ekartzea. Izan ere, “southern soul” eta “deep soul”-a blues eta gospeletik zuzenean edaten duten estiloak dira, eta ikaragarri maite ditugu. 

 

Spencer jauna, Memphis-en, Tennessee, jaio zen eta karrera guztiz oparoa egin zuen Goldwax eta Fame bezalako zigiluetan. Soularen historiako altxor ezkutu handienetakotzat hartu izan da beti, kontuan hartzen badugu bere diskoen salmenta ez zela zifra oso handietara heldu. Edonola ere, bere obra sakoneko sentimenduz beterik dago, eta izugarrizko ahots batek janzten ditu Estatu Batuetako hegoaldeko estudioetan bere eskura jarri zituzten konposizio izugarri horiek.

 

Zalantzarik gabe, bluesa eta gospela maite dutenentzat Mojo Workin' jaialdiaren kontzertu kuttunena izango da hauxe. Specer-ek bere errepertorio esanguratsuenaren errepasoa egingo du, baina tarterik utziko du erritmoa goratu eta dantzarako gonbitea egiteko, bere kantu “uptempo”-enak edo azkarrenak interpretatuz, hala nola “Double Lovin'” edo “I'm at The Breaking Point”. Azken abesti hau, 40 urtez egon zen argitaratu gabe, duela urte batzuk Kent Records-ek ahanzturatik erreskatatu zuen arte. Aipatutako zigilu britainiarrak, Spencerren bi CD-bilduma gozagarri argitaratu ditu, artista hau hobeto ezagutzeko guztiz gomendagarriak direnak.




LALA BROOKS

Martxoak 16 , ostirala - Gazteszena - 00.00etan .  Sarrera  22/ 40€

 

Nork ez du inoiz The Crystals taldearen abestiren bat kantatu edo dantzatu? “Da Doo Ron Ron”, “Then He Kissed Me”, “I Got a Man”... egia esateko, zerrenda oso luzea izan liteke. Dolores 'La La' Brooks The Crystlas-en abeslari ofiziala bihurtu zen, Phil Spector-ek taldeari formazio iraunkorra ematea erabaki zuenean, zuzenean jo eta grabatzeko. La Lak 13 urte baino ez zituen taldean sartu zenean. Bere ahots berezia gainerakoen artean nabarmentzen da parte hartu zuen grabazio guztietan.

 

Aitzitik, mundu guztiak dakien bezala, Phil Spector-ekin lan egitea ez zen lan makala eta La Lak taldea uzte erabaki zuen 1968. urte inguruan Broadway-en bere ibilbidea berrabiatzeko. Zenbait urtez, musikal ospetsuetan parte hartu zuen, hala nola “Hair” izenburukoan. Azkenean, musikaren mundua uztea erabaki zuen eta bere familian gordeta egon zen zenbait hamarkadetan.

Zorionez, duela urte batzuk agertokietara itzultzea erabaki zuen eta, are, disko berri bat argitaratu zuen: “All or Nothing” (Norton Records-en eta Mick Collins-ek ekoiztua). Izenburua, noski, The Small Faces mod ikono eta R&B talde mitikoaren kantutik hartua da.

 

Donostian, The Crystals-en abesti onenak gozatu ahalko ditugu, sasoi-sasoian dagoen soul artista klasiko honen eskutik. Une oso bereziak biziko ditugula agintzen dizuegu, aretoa lepo, hainbatetan disfrutatu ditugun –hala dantzalekuan nola hamaika filmetako soinu bandetan– kantuak abesten.

 

 

 




JERRY WILLIAMS

Martxoak 17, larunbata -  Gazteszena - 22.35etan  Sarrera. 24/ 40€

 

Jerry Williams Jr., Virginiako seme, diskogintzaren industrian denetarik egin duen tipo horietako bat da. 50eko hamarkadan eman zituen bere lehen urratsak, hamabi urte baino ez zituela, “Little Jerry” eta “Little Jerry Williams” izenpean. Rhythm and blues basati zenbait grabatu zituen, “shouter” estiloan. Urteak pasa ahala, bere erregistroa orraztu eta baretzen joan zen eta soularen urrezko garaian “I'm The Lover Man” edota “If You Ask Me (Because I Love You)” klasiko errepikaezinak oparitu zizkigun.

Calla zigiluan nazio mailako zenbait arrakasta izan zituen eta, aldi berean, bere abeslari ibilbidea konpositore lanarekin bateratu zuen. Esaterako, Gene Pitney edota Gary US Bonds-entzako materiala idatzi eta ekoiztu zuen. 60ko hamarkadaren hondarrean ekoizle lanean murgildu zen bete-betean, 70eko hamarkadan agertokietara bueltatu zen arte Swamp Dogg ezizenarekin.

 

Pribilegiatu hutsak gara, izan ere, berarekin hitz egin dugulako eta Mojo Workin' jaialdirako 50 eta 60etako bere kantu adierazgarrienekin errepertorio bat prestatu duelako, oraingo honetan, Swamp Dogg-en ibilbidea eta alderdia bazter utziz. Hortaz, Little Jerry Williams ikusi eta entzuteko aukera paregabea izango dugu.

 




THE ORIGINAL VANDELLAS

Martxoak 17, larunbata -  Gazteszena - 00.00etan  Sarrera. 24/ 40€

 

1957an, Annette Beard, Rosalind Ashford eta Gloria Williams abeslariek neska talde bat abiatu zuten: The Del Phis. Detroit hiriko zigilu txiki batzuentzako lan egin ondoren, Motown ahalguztidunean sartu ziren, eta The Vels izenpean euren estreinako diskoa argitaratu zuten. Hainbat urteko jardunaren ostean, Gloriak talde utzi zuen eta Annetek eta Rosalind-ek artean ezezaguna zen Martha Reeves abeslaria fitxatu zuten. Marvin Gayeren “Stubborn Kinda Fellow” LParen ahotsetan kolaboratu zuten eta 1962tik aurrera, “Martha & The Vandellas” izenpean karrera diskografikoari hasiera eman zioten.

 

Beren arrakasta zerrenda amaiezina izan zen. Gutxi izango dira ez dutenak “Dancing in The Street”, “Heat Wave”, “Come and Get These Memories” edota “Nowhere to Run” abestiak ezagutzen. Hala ere, Annettek musika utzi zuen 1964an eta Betty Kelly Velvelette-ohiak ordezkatu zuen.

Duela urte batzuk, Annettek eta Rosalind-ek berriz elkartzea erabaki zuten The Vandellas-en jatorrizko espiritua berreskuratzeko, eta Roschelle Laughhunn abeslari aparta fitxatu zuten. Emaitza hauxe: Motown garaiko urte onenetara bueltatzen gaituen ahots hirukoa.

 

 

 





LOS JAMBOS

Martxoak 16 , ostirala - Gazteszena - 23.30etan .  Sarrera  22/ 40€

 

 Bi Jambo ziren eskolatik atera zirenean eta hiru bihurtu Iruñeko Nebula tabernako atetik ateratzen ari zirela. Hain zuzen ere, euren azken LPak “En el Nébula” du izenburua. Color Hits estudioetan grabatua, 23 minutura heltzen ez diren hamabi abesti jasotzen ditu. Bai... horrelakoxeak dira jamboak, Los Jambos... 50etako rock and rolla, hobitik zuzenean datorren garagea, pop troglodita eta txupito horiak...

 

Egokiera honetarako, euren heroi afroamerikar kuttunen abestiak jotzeko erronka onartu dute. Beltz tupedunak, soularen erreginak, pistolariak, arima berrerosleak eta kulero bustitzaileak... Hori bai, bi gitarra, danbor bat eta erdi eta reverb eta fuzz kiloak eta kiloak baliatuta. Bo Diddley, Etta James, Sam Coke, Gino Wasington, Ronettes eta askoz ere gehiago. (Desberdintzen eta ezagutzen dituenari saria).

 


LAS KASETTES
Martxoak 17, larunbata -  Gazteszena - 21.30etan  Sarrera. 24/ 40€

 

Euren idolo beltzen kantu gogokoenetako batzuk besapean dakartzatela, Iruñetik etorriko zaizkigu baita ere Las Kasettes. 2009ko erdi aldean sortu zen taldea, eta orduz geroztik ez diote jotzeari eta zaleei dantzarazteari utzi. Pop Pilula bikainak jasotzen dituzten bi EP argitaratu ondoren, euren lehen disko luzea aurkezten ari dira azken boladan; 12 bertsio jasotzen dituen LPa, Spicnic, Hurrah Música eta KOTJ Records zigiluek elkarrekin argitaratua. Radio3-eko El Sótano irratsaioak 2017ko “udako lurrazpiko diskoa” izendatu du.

 

Guretzako plazer handia da pertsona handi hauek gure jaialdira ekartzea. Segur gaude guk bezala zuek ere emanaldiokin gozatua hartuko duzuela. Egia esateko, modu hobeagorik ez zaigu okurritu jaialdiak estreinatzen duen “lerro berriari” hasiera emateko. Honen bidez, soul edota R&B soinuetan barneratzen ohi ez diren taldeek omenaldia egingo diete beren musika beltzaren heroiei, Gure Gauzak luzatutako desafioa onartuta.